2020ko otsaila. Zaldibarko luizia. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo zorte txarra.
2020ko martxoa. Egia, egitatea, kontakizuna... Baina samina, nola adierazten da samina mundua pandemia batek izoztu duenean? Pantailek hartu dute hitzaren tokia, zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira.
2022ko otsaila. Zaborrari aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera hutshutsean maitatu behar dugun intuizioa. Astero langile bat hiltzen da beharrean. Astero.
8 antzerkilari, musikari edo dantzari. Ez da deus berririk eta ez da deus originalik. Geure lanak eta ezinak ez dira aurreko belaunaldien lanen eta ezinen gainean eraikitzen, haiengandik jaso ditugun hondakinen gainean baizik; zaborraren sumindura eta garrasia.
Pandemiak aro oso bat desagerrarazi du, fisiko eta ukigarriak diren gauzen garaia, besteak beste. Baina desagertu den garaia ez dugu oraindik ahaztu. Alta, badira hainbat kontu desagertu ez arren, ahaztu egiten ditugunak etengabe. Bi horien arteko bidegurutzean bizi gara. Zer da ahaztu duguna, baina, desagertu ez dena? Desagertu den zer daukagu oraino gogoan? Zaborrarekin ez al dugu menturaz antzeko moduan jokatzen? Jartzen ahal dugu edukiontzian zaramaren poltsa egunero eta guk sortua dela ahaztu, baina, ez da horregatik lurrazaletik desagertzen.
Hondarkindegi eta zabortegien historia hertsiki lotua da pandemiei.