Egin Leku!, hasiberrientzako musika deialdiaren bigarren edizioko aukeratuetako bat da Leire Etxezarreta.
Leire Etxezarreta 24 urteko arrasatearra da. Umea zenetik trikitixa eta panderoaren munduan murgildu eta orduz geroztik, modu batean ala bestean, musikari lotuta egon da. Gaur egun trikitixa eta panderoko irakasle lanetan aritzen da eta Neomak eta Sarrabete taldeetako partaidea da. Talde-proiektu ezberdinetan parte hartu du. Hala nola, 2015ean, Kepa Junkera eta Sorginak proiektuan parte hartzeko aukera izan zuen lau urtez.
Bestalde, urte batzuetatik hona gitarra hartu eta bere kantu propioak sortzen hasi zen eta gaur egun ilusioz jarraitzen du hauek lantzen. Ordutik, formatu akustikoan bere sorkuntza lanak erakusten dabil. Laburbilduz, modu batean ala bestean, musikaz gozatu eta gozaraztea maite du.