Zuk ere bizitakoak dituzu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abenturak: behin eta berriro kantatu duzu "Maite Zaitut" abestia, barrez lehertu zara Poxpolin Marisorginaren sorginkeriarekin, edo Tiderrek herri-minaren garrantzia erakutsi dizu.
37 urtez belaunaldi osoak hezi dituzte euren abestiek, irriek eta maitasunaren inguruko ikuspegi unibertsalak!
Zure gurasoek lehen aldiz eraman zintuztenean sentitutako magia hori orain zure seme-alaba edo lagunekin partekatzen duzu, eta haien begietan aurkitzen duzu zuk bizitako emozio bera. Haur izan ginenok heldu bihurtu gara, baina pailazo hauek oraindik ere gure barneko haurrarekin konektatzen gaituzte.
Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiegu. Omenaldi honetan, sudur gorriak jantzi eta haien irakaspenak eta utzi duten arrastoa ospatuko ditugu elkarrekin. Orain, gure txanda da: bihotzez esan diezaiegun denok batera Maite Zaitut!
Herri omenaldi paregabea, diziplina artistiko askoren uztarketa erakutsiko duena: musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoak, bertsolariak nahiz bestelako artistak oholtza partekatzen ikusiko ditugu, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abesti eta istorio ikonikoetan oinarritutako unibertso magikoa berreraikiz.
14000 bihotz taupaka, pila pila patata tortila maite ditugula ozen esateko!