Zortzi diskoren ondoren, Eraso! eta Osso taldeetako Sergio Ruiz G-Txabarri abeslari eta musikariak aspaldidanik buruan zuen bakarkako lehen proiektua mamitu du.
Atzo enarak itzuli baziren, gaur joan egin dira. Udazkena da Serge-en bihotzaren leihotik begiratuta ikus daiteken paisaia, euritsua eta orbelez estalia. Udazkena da disko berria entzun ondoren uzten duen gorputzaldia. Aldarte berarekin sortu eta zaildutako lana da honakoa: urte zail honek baldintzatutako ondorioak jasan ditu musikariak eta barruko malkoak isurtze aldera, sormena bihurtu du ihesbide zintzo. Etxeko leiho ondoan, bere talaiatik begira, inguruan gertatzen denari hitzak eta doinuak jarri dizkio. Orain, Leihotik mundura partekatu nahi duena.
Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du Serge-ek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako Enarak itzuli dira estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan. Edonola ere, Berasaluzeren olerki bat berreskuratu du, lehen aldi hartakoa, Amaitu gabeko puzzleak izenez diskoan txertatu duena.
Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, ekaina eta uztaila bitartean.