Urtetan editore izan ondoren, Suak pizten direnean poemategia idatzi du Mikel Sotok bere belaunaldi politikoaren kronika poetiko bat eginez, kontzientzia politikoaren iratzartzea, borroka-urteak, atxiloketak, torturak eta kartzela kontatzen dituena, pasioz bezainbateko zintzotasunez, belaunaldi horren borrokak, porrotak zein ametsak erretratatuz.
Euskal Herrian hainbat saio egin ditu izen handiko idazle, musikari eta artistekin eta Gasteizen ere eskainiko du errezitaldia, Oihaneder Euskararen Etxean, Pettiren zuzeneko musikak lagunduta.
Mikel Soto bera igoko da eszenatokira, Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleekin eta Galder Perez eta Ane Zabala antzerkigileekin batera.